LOURDES IRIONDO


Ipuinak eta Antzezlanak



Ilustrazioak: Maite Gurrutxaga
Edizioaren arduradunak: Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga






Lehen argitalpena, AZTARNA, 2025eko abenduan



Euskal literatur sistema modernoa sortu gabe zegoen oraindik 1970eko
hamarkadan. Frankismoa, berriz, bizi-bizirik. Egoera zail hartan, kantagintzan
eta haur literaturan ekarpen izugarria egin zuen Lourdes Iriondok, ondorengoentzat
bidea urratuz. 1973 eta 1982 artean argitaratu zituen bere
literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak. Lan
haietan euskal tradizioa bildu eta gai berriak proposatu zituen, euskarazko
Haur eta Gazte Literatura modernoa etortzeko oinarria jarriz.

Zoritxarrez, Iriondoren lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean
ahanzturan geratu dira. Obra hartatik mende erdia joan denean, edizio hau
osatzen duten bi liburukiek egoera hori irauli nahi dute, idazle eta kantari
handiaren obra literarioa irakurleen eskura jarriz. Hain zuzen, Lourdes Iriondok
haurrentzat eta gazteentzat argitaratu zituen ipuin eta antzezlan guztiak
biltzen ditu edizio honek, baita argitaratu gabeko Fabrika berria antzezlana ere.
Liburuok esker-emate bat dira sortzailearentzat,
eta opari bat gaurko irakurleontzat.





AINGERUAK NOLA
Juan Kruz Igerabide




Herri Irratian entzuten genuen etxean Lourdes Iriondo. Guretzat bazen norbait. Gure Joan Baez. Aingeruen kanturik izatekotan, Lourdesenaren parekoa irudikatzen genuen. Eta, gainera, berritzailea zen, berritzaileekin zebilen, eskandalagarri zirenekin ere bai batzuetan, bera katoliko txintxoa izan arren. Hala eta guztiz ere, haren ahotsa goxo sartzen zen etxean barrena, arbasoen arnasa eta laminen doinuak eta basoetako ahaireak balekartza bezala. Zaharrenek eta elizkoienek ere onartu egiten zuten. Euskal giroan behintzat. Ni, umemokoa artean. Geroxeago, aurrez aurre ikusi ere ikusi nuen, Ez Dok Amairuko kideekin entseatzen Donostiako apaiztegiko areto nagusian. Ni, jada ez hain umemoko, nerabezaroan sartzen. Hantxe egoten ginen dozenerdi bat “flipatu” gortinen atzean ezkutatuta, entsegua jaten, beste apaizgaiak futbolean zebiltzan bitartean. Ezkutalekutik ikusten genuen Lourdes, gizonez inguratua: Artze, Lete, Laboa… Guretzat denen gainetik zegoen. Gure Joan Baez. Eta handik urte batzuetara, aio Pelaio. Ez nekien gaixotasunaren berri; aienatu egin zela ez bat eta ez bi, hori besterik ez. Pena hartu nuen. Aurrerago, emanaldi gutxi batzuetan parte hartu zuen. Jendaurreko kantagintza behin betiko utzi zuen urte berean ezagutu nuen beste Lourdes bat, pedagogoa, berritzailea, antzerkia eskolan erabiltzen zuena. Ni, maisu gazte hasiberria; berritzaile-nahi, baina erreminta gutxi. Haren ikastaro batean izan nintzen. Konplikazio handirik gabeko testuak antzeztuz umeen mingainak askatzea zuen helburu, umeen gorputz-adierazpidea kitzikatzea ere bai, eta bide batez gurea, falta ederra bagenuen eta. Nik behintzat bai. Askatasuna zen gure arteko hitz potoloa. Hezkuntzan askatasuna bultzatu nahi genuen, baina ez anabasa. Motibazioa itsatsi, ez beldurra, ez presioa, ez agintekeria. Baina hori egiteko ez zen aski gogoa; erremintak behar. Kanpotik teoriak eta jokabideak ikasi genituen; bertatik, Lourdesek eta beste batzuek erakutsi ziguten (Jose Mari Satrustegi ere hantxe zen) garatu nahi genuen pedagogia berritzailerako gure altxor tradizionala baliatzen. Iturri zaharretik ur berria atera, eta horrelakoak.

Haurrentzat eta haurrekin idaztea, horixe egiten zuen Lourdesek. Eta nik, ba, imitatu. Oso modu primarioan, baina tradizioko ipuinak eta poemak eta beste hizkuntzetako testu laburrak itzuliz, ba, haurren irudimena kitzikatu. Eta harrituta geratu nintzen ondorioekin. Giroa eta testu egokiak erabiliz, haurrek erantzun egiten zuten; ez noski hurrengo egunean berean, baina hilabete batzuk aski izaten ziren gauza harrigarriak ikusteko haurren paperetan: poematxoak, ipuintxoak, marrazki libre zoragarriak. Begi hauekin ikusia. Lourdesek motibatu, eta nik probak egin, bide berriak jorratu. Behin abioa hartuta, irudimenak eta han-hemen jasoak egiten zuten lana. Nik orduan ideologia zakar samarra neukan, eta ez nituen onartzen Lourdesen testuen ukitu moralak; baina haren eredua oso-oso baliagarria zitzaidan. Ukitu morala haur bakoitzaren esku uzten ikasi nuen. Izan ere, lehen maisu-urtean, lau urteko ume batek ederki espabilatu ninduen: hor hasi naiz (adin orotako umeak neuzkan gelan) eboluzioaren teoria modu xumean azaltzen, esanez nondik gentozen gu, eta gure gurasoak, eta gure aiton-amonak, eta gure arbasoak, atzeraka-atzeraka. Nik primatearenganaino heldu nahi, eta galdetu ez diet bada: “Eta hasiera-hasierakoak nondik?”. Eta lau urteko neskato batek, zapla: “Jesusen bihotzetik”. Eta ni, jo eta ma. Geroztik, ohartuki behintzat, umeek burutxoan daukaten mundu handia bakean uzten saiatu naiz. Gehienez ere, irudimena aberasteko, hizkuntza aberasteko, adierazmoldeak askatzeko testu ahalik eta egokienak bilatzen saiatu naiz. Lourdesen eragina; aingeru batena, alegia. Garai hartan bazegoen, ez Lourdesengan bakarrik, euskal literatura osoan esango nuke, modernitatearen ekarpena orokortzeko irrika. Mundu industrializatu modernoak talka egiten zuen gure tradizioarekin eta mendetan txertatutako kristau ikuspegiarekin. Txomin Agirre nobelagileak oso modu karikaturizatuan agertua zuen talka hori. Baina gure garaian marxismoaren eta existentzialismoaren eraginak beste eztabaida batera eraman gintuen. Astindu izugarria gertatu zen urte gutxiren buruan, eta, diktadurapeko sakristia-usainetik 68ko maiatzeko aire berrira jauzi egin nahi hartan, izadiak, hizkuntza zaharrak eta tradizioak beste dimentsio bat hartu zuten, edo beste dimentsio bat eman nahi izan genien behintzat. Lehen ekologismoaren ukitu apalak ikus daitezke Lourdesengan, euskal tradizioa berpiztearekin batera izadiarekiko atxikimena eta inguru zabarrarekiko arbuioa adieraziz. Bide horretatik gerora etorri ziren ideologietatik eta ikuspegi espiritual berri-zaharretatik aparte geratu zen Lourdes; aski zuen, nonbait, txikitan ikasitako mistika herrikoi katoliko xumearekin. Hartara bilduko zen gerora Lete bera ere. Nik beste ate batzuetan jo nuen koxkox, eta Lourdes pedagogo-idazlearen alde kristautik aldendu-edo egin nintzen, beste asko bezala. Aldendu, edo beste iturri espiritual batzuekin osatzen saiatu. Baina, sustraian, harengandik edandakoak hortxe jarraitzen du: herri-tradizioa etxekotzeko eta erabiltzeko ahalegina, haurrentzat eta haurrekin idazteko saiakera. Etxetik hasita beti. Liburuaren atontzaileek ederki sailkatu eta azaldu dituzte Lourdesen lanak. Ez dut horretan ezer gehitzekorik. Besterik gabe esango dut nire belarrietatik ez dela ostendu, besteak beste, Maripetralin laminaren ahots eztia, eta haren istorioa kontatzeko Xabier Leterekin eta Antton Valverderekin Lourdesek osatu zuen antzerki-festa. Gogo bizia eta bihotz-berotasuna transmititzen ditu haien kontatzeko eta kantatzeko moduak. Ez dakit herri baten arnasa den, baina arbasoen arnasa sentitzen ote den nago, gaur-eguneratua, emozioz betea. Umeak hizkuntza eta kultura batera erakartzeko eredu paregabea. Konturatuko balira gure umeen bihotzak plastikoz betetzen dituztenak… Munduko harrabotsen artean, aingeruaren ahotsak belarrira xuxurlaka jarraitzen du oraindik ere. Eskerrik asko eman zenigun guztiagatik, Lourdes.


















Ipuinak
- AZL08

ISBN: 978-84-09-78576-6 - 196 orrialde



Hego-haizearen ipuinak
Asto baten malura
Mateo Txistu
Maripetralin lamina
Lotara joateko ipuinak
Ortzadarra



Antzezlanak
- AZL09


ISBN: 978-84-09-78578-0 - 276 orrialde




Martin Arotza eta Jaun Deabrua
Sendagile maltzurra
Buruntza azpian
Txorien baratzea
Fabrika berria

 




LOURDES IRIONDOREN IPUINAK, BERE AHOTSEAN


Lourdes Iriondok bi LP argitaratu zituen haurrentzako ipuinekin.
Ipuiak izeneko diskoan “Maripetraliñ lamina” eta “Mateo Txistu”
grabatu zituzten. Disko horretan, Antton Valverde aritu zen musika
laguntzaile, eta azalaren eta marrazkien laguntzan
Amador Segurado. Ahotsei dagokienez, batetik, helduenak daude:
Juxto Egaña, Xabier Lete, Maria Pilar Sarasola, Maite Ezeiza eta
Lourdes Iriondo bera. Bestetik, berriz, haurrenak:
Maria Ixabel Lizeaga, Joxe Mari Berasategi, Iñigo Berasategi,
Inmakulada Berasategi, Isabel Sagües, Elena Valverde,
Mirentxu Valverde eta Karlos Iriondo.
Guztien artean ondu zuten Ipuinak. Hori osatzen duten bi ipuinak
edizio honen lehen liburukian irakurri daitezke.
Horrez gain, QRak ere eskaintzen ditugu,
jatorrizko audioak entzun ahal izateko.

Ortzadarra diskoa, berriz, ipuin eta abestiekin osatutako lan hibrido
bat da. Ipuinak, abestien doinuak eta marrazkiak Lourdes Iriondok
egin zituen. Abestien hitzetan, berriz, Manuel Lekuonaren eskua
ere hor dago, eta musika moldaketetan Antton Valverderena.
Azkenik, grabazioan, Lourdesekin batera aritu ziren,
ipuinak kontatzen eta abesten, haur hauek:
Iñigo Berasategi, Joxe Mari Berasategi, Karlos Iriondo,
Izaskun Yanzi, Jaione Jauregi, Coro Unanue, Mª Eugenia
Gil, Mª Jose Miner, Mª Isabel Lizeaga, Elena Valverde,
Miren Valverde eta Inmakulada Berasategi. Guztien artean
egin zuten Ortzadarra. Bertako ipuinen eta abestien testuak
edizio honen lehenbiziko liburukian irakurri daitezke.
Kasu honetan ere, aukera daukagu QRen bidez
jatorrizko audioak entzuteko.







LOURDES IRIONDO - IPUIAK

Herri gogoa - Edigsa HG-123 LS – (LP) 1975
Iraupena: 38’ 56”



01. Maripetraliñ lamiña
02. Mateo txistu

Azala: Lourdes Iriondo, Amador Segurado
Partaideak: Lourdes Iriondo: ipuin eta moldaketa orokorra, ahotsak
Antton Valverde, musika laguntzailea
Juxto Egaña, Xabier Lete, Mª Pilar Sarasola eta Maite Ezeiza: ahotsak
Mª Ixabel Lizeaga, Joxe Mari Berasategi, Iñigo Berasategi, Inmakulada
Berasategi, Isabel Sagüés, Elena Valverde, Mirentxu Valverde eta
Karlos Iriondo: haur ahotsak



LOURDES IRIONDO
ORTZADARRA ETA HAURRENTZAT BESTE KANTA ASKO

Herri Gogoa HG-172 LS – (LP)
1978
Iraupena: 33’ 49”



01. Sarrera I
02. Korrika-apustua
03. Xagu ttikia
04. Gure oillarra / Txakurra, katua eta behia
05. Ortzadarra
06. Euria
07. Sarrera II
08. Nun zaude eguzki / Mari Birjiña / Hego haizea
09. Lamiñak
10. Txalupa
11. Asto zaharra
12. Goazen baratzera

Partaideak:
Lourdes Iriondo, Iñigo Berasategi, Joxe Mari Berasategi, Karlos Iriondo,
Izaskun Yanzi, Jaione Jauregi, Coro Unanue, Mª Eugenia Miner, Mª Isabel
Lizeaga, Elena Valverde, Miren Valverde eta Inmakulada Berasategi.
Moldaketak: Antton Valverde
Hitzak: Manuel Lekuona eta Lourdes Iriondo
Doinuak: Lourdes Iriondo
Ipuinak: Lourdes Iriondo

 

 



Home
Newsletter
Multimedia
Artistak
Kontaktoa
Proiektuak
Shop
Katalogoa
Agenda
Who?

Segi Aztarna...