2025a
garrantzi handiko urtea izango da Bilboko bizitza
kulturalarentzat, Gabriel
Arestiren
heriotzaren 50. urteurrena ospatzen baita, XX. mendeko
euskarazko idazlerik nabarmenetakoa. Bere lan emankorrak,
euskararen garapenari, bilakaerari eta normalizazioari egin
dion ekarpen erabakigarriarekin batera, etengabeko
erreferente bihurtu du bere figura, etengabe aztertu,
berrinterpretatu eta hedatu duena. Esparru horretan, eta
Euskaltzaindiaren
eta 2023ean EHUk sortutako Gabriel
Aresti Katedraren
babespean, Joxan
Goikoetxea
hernaniar musikari eta ekoizleak
Gabriel
Aresti – Mug(H)arri
izeneko pieza eszenikoa prestatu du eta pieza honen bitartez
Arestiren obraren eta pentsamendu ideologiko-estetikoaren
alderdi eta etapa desberdinak berpiztu eta sakondu nahi ditu,
musikarekin, poesiarekin, dantzarekin, eskulturarekin eta
irudiekin hainbat pertsona eta unibertso kulturaletara
ibilbide sentikor eta intelektual baten bidez hurbildu
gaituzten diziplina anitzeko ikuskizunetan ohituta gauzkan
estilo batean: Xabier Lete, Jorge Oteiza, W.Shakespeare,
Astor Piazzolla, Metropolis, Txirrita, Imanol Larzabal, J.M.
Iparragirre, etab.
EusKamerata
da Joxan Goikoetxeak oso ohikoak ez diren ibilbide horietara
ohituta gauzkan taldearen izen berezia. Italiako hainbat
biratan sortu zuten, euskal musika tradizionala jotzen zuten
hainbat jatorritako artisten inguruan. Kasu honetan,
jatorrizko ideiaz, testuen hautaketaz, gidoiaz, musikaz eta
zuzendaritzaz arduratu den Joxan Goikoetxearekin batera,
Beñat
Egiarte
tenorra, Xabier
de Felipe
biola jotzailearekin, Xabi
Payaren
errezitaldiekin eta Amaia
Azkue
abeslari eta aktore hernaniarraren ahotsarekin arituko dira.
Arestiren
heriotzatik hona opa izan zaizkion omenaldiak ugaritu baino
ez dira egin. Beti dago aukera, urteurren borobilen baten
ildotik, ez-ohizko ospakizunak ere egiteko, dela jaiotza edo
heriotza -ekintza administratiborik behinenak- edo obra baten
hamar, hogeita bost, berrogeita hamar edo -ikusiko dugu-
ehungarren urteurrena ospatzeko.
Beraz
testuliburuetaz haratago, Aresti presente dago zenbait
erakunderen egutegian. Santutegi katolikoan egun guztiei
santuren baten heriotza-martirioari dagokien bezala,
efemeride zibilak era analogoan jasotzen ditu arlo
difereentako pertsonaia beneragarrien jaiotza eta heriotza
egunak gertakizun historikoen egunen artean.
Urtea,
eguna eta haiei lotzen zaizkien gertaerak aukeratuta,
Arestiren gaineko hitzalditxo bat egin daiteke, ikuskizun,
errezitaldi edo dena delakoaren atariko, jarduera hitzaldia
bera ez denean. Bertan, poetaren biografia laburtuta azalduko
da. Bilbon jaio zela, barroeta Aldamar kalean; badakizue,
Albia eta Buenos Aires kalearen artean dagoen kale txiki
horretan. Bere familiak galdua zuela euskera eta, hala ere,
gaztetatik izan zuela euskara ikasteko joera hori, Altuberen
Erderismos
eta Axularren Gero
eskuz kopiatzen eman zituela orduak eta orduak liburutegia.
Pentsa, Axularren Gero!
Euskaltzalea izan zela. Euskaraz idazteko hautua eginda,
jabetu zela euskara eredu nagusien gabeziaz, euskarak
literatura modernorako tresna behar zuela izan. Ordutik,
lanean arituko zela euskara batu baten alde Euskaltzaindian,
Maldan
behera
edo
Harri eta herri
bezalako poema liburuak idazten zituen bitartean.
Euskaltzale,
euskaltzain eta poeta. Euskara antzerkian ere bultzatuko
zuela, Kriseilu taldean. Euskaltzale. Euskaltzain, poeta eta
antzerkigile, tira: euskal idazlea, baina erabatekoa. Euskara
batuaren aldeko borrokan euskaltzale zaharrak ere asaldatuko
bazituen, artikulugile eta hizlari gisa esandakoek ere
hautsak harrotuko zituztela. Euskal idazle eta polemista.
Euskaldun berria zela esan al dugu? Txistu egiten ziotela,
iraindu eta baztertu. Euskal kantagintza berriko letrista
izan zela, hori ere euskara bultzatzeko bidea zelako. Boikota
egiten ziotela ere komunista zelako, baina ez zela Alderdi
Komunistako kide, baina abertzalea zela, edo ez, edo bai.
Euskal idazle, polemista eta komunista, abertzalea edo ez.
Ezkertiarra eta euskaltzalea, hori seguru. Gaixotasunak jota
oso gazte, 41 urterekin, hil zen. Gehiago sakondu daiteke,
honetan edo bestean. Nire aitaren etxea.
Biopic
baterako material ederra da honakoa, Euskal Telebistak noiz
erabiliko zain. Baliteke lehenengo biopicak santuen
hagiografiak izatea. Efemeride zibilak ere lotura estua du
santutegiarekin, pertsonaia handien heriotza eta jaiotza
egunek ospakizuna eskatzen dute. Euskal santutegi zibila.
(Asier Amezaga -
Inor ez delako profeta bere mendean)
***************
Gabriel
Aresti. Hernaniko Udaletxeko Areto Nagusia,
1967ko
uztailaren 29an.
Irudi hau AA bidez sortua da,
jatorrizko kalitate eskaseko
irudi baten
abiapuntutik.
|
1967an,
Hernanin,
Gabriel Arestik
hitzaldi bat eman zuen, denboraren joanean
mugarri
literario eta kultural gisa hartua izan dena: Euskeraren
izen poetikoak.
Ez zen ohiko hitzaldi hutsa izan, baizik eta ekitaldi
berezia, non hitza bera antzerki bihurtu eta pentsamendua
emozio bilakatu baitzen. Hitzaldi hartan islatu ziren
Arestiren kezka intelektualak, bere ideologia, mundua
interpretatzeko zuen modua eta, batez ere, garaiko giro
sozial eta kulturala. Arestik, beti egin ohi zuen bezala,
bihotzaren barrenetik hitz egin zuen, poesia eta kantua
bere ahotsarekin uztartuz, eta horrela bere diskurtsoari
benetakotasun indartsu bat erantsiz.
Hitzaldi
haren oroitzapenera behin eta berriz itzuli izan naiz,
bai irakurketaren bidez, bai entzunaldiaren bidez,
oroimen-leku batera itzultzen den norbait bezala. Gure
etxean gordetzen ditugu egun hartako grabazio originala
eta Euskal
harria mailu batekin izeneko
eskuizkribua: biak ala biak, euskarari ahots berritzaile
eta sutsu bat ematen jakin zuen gizon baten grina eta
argitasunaren lekuko isilak.
Hitzaldiaren
entzunaldi bakoitzak argibide berriak eskaintzen ditu.
Alde batetik, hunkigarriak dira ekitaldia antolatu eta
bultzatu zuen belaunaldi gazte haren miresmeneko
erreakzioak —Ramon Saizarbitoria, Jesus Mari Olano,
Xabier Lete, besteak beste—; bestetik, esanguratsua da
Arestiren hitzaldia amaitu ostean piztu zen eztabaida
sutsua. Bi elementu horiek agerian uzten dute euskal
gizartea orduan markatzen zuten tentsio eta nahasmenduak,
eta horiek, hein handi batean, Bilboko poetaren obra eta
figura bera ere definitu zituzten.
Zerutik
erori gabeko
harria,
ongi labratua,
maisu
trebe txit trebe eta habil
batek
landua,
oinarri,
giltzarri,
zimentarria,
(adoratzen
zaitugu),
(ez zara eroriko),
(mila urte inguru
da),
(euskaldunen artean),
arbolaren itxura
emandako
harria,
ajola gabean landatu
hindugun
itoginaren azpian,
eta ur-tantak
jan
hau.
Hi,
arbola,
euskal harria.
Aspalditik
izan dut susmoa hitzaldi hura entzutearen ondorioz
sortzen zitzaidan emozioak nire pentsamenduan arrasto
iraunkor bat marrazten zuela, eta, noizbait, beharrezkoa
izango zela hori kanporatzea eta nolabait adieraztea. Une
hori, halaber, iritsi da. Zoritxarrez, ez nuen Aresti
pertsonalki ezagutzeko aukerarik izan: hitzaldi hura eman
zuen urte berean jaio nintzen. Sarri oroitu ohi naiz
belaunaldi haren lan eta ahalegin itzelaz, gaur egun
normaltzat eta guztiz sendotzat ditugun hainbat lorpen
sozial eta kultural lortzearen alde egindakoaz.
Horregatik, bereziki, belaunaldi berriak ditut gogoan,
pieza eszeniko hau gauzatzerakoan, Arestiren irudi eta
ondaretik gerturatzeko modu gisa, haren heriotza
goiztiarraren 50. urteurrena dela-eta.
Gabriel
Arestiren lagun eta idazle izan zen Luciano Rincónek
honela adierazi zuen behin:
«Ez
da erraza Gabriel erretratatzea; gehiegi mugitzen
baitzen».
Joxan
Goikoetxea
|
|